XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Basoak botatzeko enkante publikoak nahiz pribatuak hartzen zituztenek, normalean zerrategiei materialetarako saltzeko erabili ohi zituzten zuhaitz-enborrak, eta adarrak, berriz, egur-ikatza egiteko.

Herriko gazte-talde bat kontratatu ohi zuten, baserrietan soberan zegoen eskulana, eta hauek sei hilabete igarotzen zituzten mendian hango lanak egiten; herrira, igandetan bakarrik jaisten ziren erlijioaren agindua betetzera.

Baso batean bota zitezkeen zuhaitzak markatu ondoren hauek ebakitzeari eta, leku berean, egurra prestatzeari ekiten zitzaion.

Lehenbizi, enborrak soildu egiten zituzten, hots, adarrak moztuz enborrak soil-soilik utzi.

Gero, zuretarako erabiliko ziren enborrik onenak bereizi ostean, gainerako enborrak eta adarrak mozten ziren, 1,30 eta 1,50 metro arteko luzeran; pitzatu ere egiten zituzten, lodienak izanez gero.

Bota beharreko basoaren arabera, txondarzulo bat, bi edo gehiago prestatu behar izaten ziren, 8 edo 10 metroko diametroa izan ohi zuten txondarrak antolatzeko.

Batzuetan aurreko botaldietan egindako txondar-zuloak ere izan ohi ziren, eta haiek erabiltzen zituzten txondar-zulo berririk egin gabe.

Txondar-zulorik ez bazegoen, hurbilen zeuden txondar-zuloetara joan behar izaten zen, zoruko ikatz txikiak, irurie, 15 edo 20 zentimetroko geruza osatuz txondar-zulo berrien gainean zabaltzeko.

Iduri-geruza hau jarri ezean, txondarra egostean lurra berotu eta zoruko harriak eztanda egiten zuten, txondarrean egosketa uniformea galarazten zuten haize-zuloak sortzen zirelarik.

Batzuek txondarzuloa egiten edo egokitzen aritzen ziren bitartean, lan-taldea osatzen zuten gainerako kideek txondar-zuloaren ingurura garraituko zuten ebakitako egurra.

Enbor lodiak, bat edo bi hartu eta bizkarrean garraitzen zituzten, eta adarrak garraiatzeko, berriz, astoa erabiltzen zen.

Normala izaten zen, bestalde, aizkoraz zuhaitzak bota eta ebakitzean, edo egurra garraiatzerakoan, gazteen artean beraien indarra eta trebetasuna erakusteko norgehiagokak sortzea.

Hemendik aurrera ikazkin espezializatua, ikatz egoslea, arduratzen zen txondarra egiteaz, eta txondarrak egosketa egokia eta uniformea izateaz ere bai.

Txondar-ipurdia zirkulu-erako sare moduko bat izaten zen, (...)